Posted tagged ‘narrazioa’

METAMORFOSIA

martxoa 18, 2011
Goiz batez, Gregorio Samsak, amesgaizto baten ondoren esnatu zenean, zomorro ikaragarri bihurturik ikusi zuen bere burua. Bere bizkarrezurraren oskol gogorraren gainean zegoen etzanda eta , burua altxatzean, bere sabel ilunaren soslai konkorduna ikusi zuen, zenbait gogordura ganbilek alderik alde gurutzatua. Sabelalde biribiltsu hark nekez eusten zion beheraino iristatzekotan zegoen ohazalari. Hainbat hanka, ezin meheagoak haren lehengo bernen aldean, hara-hona zoroan mugitzen ari ziren haren begien aurrean.
-Zer gertatu ote zait?

Literaturaren historian hau baino hasiera kitzikagarriagorik ez  dagoela argi dago, hala aitortzen dute gure ikasleek ere. Hasiera honek, beraz, bidea emango digu hurrengo lanari ekiteko: 2. DBHko ikasleak Gregorio Samsaren azalean jarri beharko dira, eta beren metamorfosia mundu osoari erakutsi. Horretarako goian azaldutako pasartea oinarritzat harturik, askatasun osoa izango dute nahi duten animalia edo zomorroa aukeratzeko.

Lan honen bidez deskribapen testua jorratzeaz gain, narrazioaren “girotzea”  ere praktikoki jorratu  nahi dugu. Gure idazleak martxan daude…3,2,1…prest!


SORKUNTZA TAILERRA II: Objektuak arrotz bihurtuz

urtarrila 17, 2011

Gianni Rodariren esanetan, amak ume txikiari jaten ematen dion bitartean goilara hegazkin bihurtzen duenean, sormen artistikoaren giltzarrietako bat erabiltzen ari da. Goilara jada ez da tresna arrunt bat, hegazkina da eta istorio bat sortzeko bidea zabaltzen ari da.

Ildo honetatik doa gure Sorkuntza Tailerrerako hurrengo lan- proposamena: egunero erabiltzen ditugun ohiko objektuek bizitza hartuko dute eta hainbat istorio sortuko dituzte.

Agian hortzetako eskuila nazkatuta eta aspertuta egongo da komuneko bakardadean, horregatik bere jabearen poltsikora egingo du salto eta han mugikorrarekin bat egin ondoren abenturetan sartuko dira.

Baliteke boligrafoek greba egitea, eta beren lan-hitzarmena berriztatu bitartean mendizaleen motxiletan sartuko dira, eta  hango piolet eta mosketoiekin zortzi milakoak igoko dituzte…

4. mailakoak pantailaren aurrean ditugu objektuak arrotz bihurtuz ipuin ederrak idazteko. Zain gaude!

ANTZINAKO GABONAK

azaroa 12, 2010

Erosketak egitera hurbildu nintzen lehengo egunean supermerkatu erraldoi horietariko batera. Nahiz eta urriaren bukaeran egon, gabon kanta errepikakorrak entzuten ziren bozgorailuetatik. Polboroi eta mazapanek ilara izugarriak osatzen zituzten pasabideen erdian, eta uste dut neskaren bat ere bazegoela Papa Noëlez jantzirik… Gabonetan gaude!!! pentsatu nuen nire artean.

Gaur egun Gabonak  zentzu desberdinak ditu familia edo pertsona bakoitzarentzat.Argi dago. Batzuentzat familian egoteko aukera. Beste batzuentat kontsumismo hutsa. Gogoratzen dut behin amama Karminak esan zidana,  harentzat Gabonak mandarina usainarenak zirela, hori baitzen gabonetan baserrian izaten zuen opari bakarra: mandarina bat.

Badirudi gauzak asko aldatu direla; gizartea etengabe ari da aldatzen, eta konturatzen ez bagara ere ohiturak ere bai. Hauxe da, beraz, 4.DBHkoei egin diegun lan proposamena: Nolakoak ziren zure aiton-amonen gabonak?

Aste honetan etxeko zaharrenak pozik ibiliko dira familian, gazteak hurbildu eta haien istorioak entzuteko prest agertuko dira. Gero, kontatutakoa blog honetara ekarriko dute, guk ere gozatzeko. Lanean hasteko hona hemen lan proposamena:


%d bloggers like this: