Posted tagged ‘4. maila’

EUSKARAREN EGUNA

abendua 3, 2015

SORKUNTZA TAILERRA II: Objektuak arrotz bihurtuz

urtarrila 17, 2011

Gianni Rodariren esanetan, amak ume txikiari jaten ematen dion bitartean goilara hegazkin bihurtzen duenean, sormen artistikoaren giltzarrietako bat erabiltzen ari da. Goilara jada ez da tresna arrunt bat, hegazkina da eta istorio bat sortzeko bidea zabaltzen ari da.

Ildo honetatik doa gure Sorkuntza Tailerrerako hurrengo lan- proposamena: egunero erabiltzen ditugun ohiko objektuek bizitza hartuko dute eta hainbat istorio sortuko dituzte.

Agian hortzetako eskuila nazkatuta eta aspertuta egongo da komuneko bakardadean, horregatik bere jabearen poltsikora egingo du salto eta han mugikorrarekin bat egin ondoren abenturetan sartuko dira.

Baliteke boligrafoek greba egitea, eta beren lan-hitzarmena berriztatu bitartean mendizaleen motxiletan sartuko dira, eta  hango piolet eta mosketoiekin zortzi milakoak igoko dituzte…

4. mailakoak pantailaren aurrean ditugu objektuak arrotz bihurtuz ipuin ederrak idazteko. Zain gaude!

ANTZINAKO GABONAK

azaroa 12, 2010

Erosketak egitera hurbildu nintzen lehengo egunean supermerkatu erraldoi horietariko batera. Nahiz eta urriaren bukaeran egon, gabon kanta errepikakorrak entzuten ziren bozgorailuetatik. Polboroi eta mazapanek ilara izugarriak osatzen zituzten pasabideen erdian, eta uste dut neskaren bat ere bazegoela Papa Noëlez jantzirik… Gabonetan gaude!!! pentsatu nuen nire artean.

Gaur egun Gabonak  zentzu desberdinak ditu familia edo pertsona bakoitzarentzat.Argi dago. Batzuentzat familian egoteko aukera. Beste batzuentat kontsumismo hutsa. Gogoratzen dut behin amama Karminak esan zidana,  harentzat Gabonak mandarina usainarenak zirela, hori baitzen gabonetan baserrian izaten zuen opari bakarra: mandarina bat.

Badirudi gauzak asko aldatu direla; gizartea etengabe ari da aldatzen, eta konturatzen ez bagara ere ohiturak ere bai. Hauxe da, beraz, 4.DBHkoei egin diegun lan proposamena: Nolakoak ziren zure aiton-amonen gabonak?

Aste honetan etxeko zaharrenak pozik ibiliko dira familian, gazteak hurbildu eta haien istorioak entzuteko prest agertuko dira. Gero, kontatutakoa blog honetara ekarriko dute, guk ere gozatzeko. Lanean hasteko hona hemen lan proposamena:

GUEÑESeko JENDEAK INSTITUTU BERRIA NAHI DU. Ander Agote

urria 28, 2010

IES GUEÑES BHIko jendeak  institutu berria nahi du lehenbailehen, eta horretarako sinadurak eskatzen ari dira.

  Gueñeseko institutua txiki geratzen ari da, eta beste bat egiteko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari duela bi urte inguru, baina oraindik ez dira hasi eraikitzen. Oraingo institutua lau klaserentzat eraikita dago, eta orain zazpi klase daude.

Horretarako sinadurak eskatzen ari dira. 1100 sinadura inguru lortu dituzte jada. Sinadurak eskatu dituzte institutua azkarrago eraikitzeko eta ikasleek barrakoietan klase ez emateko, baita patioan leku gehiago izateko ere.

KRISIALDIA!!!!!

urria 13, 2010

Krisi garaian gaudela etengabe entzuten dugu. Irratia, telebista piztu eta… horra hor zorioneko hitza. Egunkaria zabaldu eta langabezia, erregresioa…

Institutuan ere hori frogatzeko aukera dugu: irakasleen bajak ez omen dira guzti-guztiak lehen egunetik beteko, langileoi soldata izoztu ez, jaitsi egin digute! Institutu berria eraikitzeko ez omen dago dirurik…Heltzeko zeuden arbel digitalak ez dakigu noiz ikusiko ditugun… Garai latzak, zalantzarik gabe.

Etxeetan aita-amak benetako adituak dira diru-kontuetan, eta inoiz baino erneago dabiltza zertan gastatu erabakitzeko orduan. Markako jogurtak gero eta urriagoak dira gure hozkailuetan, ur-txorrotek eta bonbilek inoiz baino protagonismo handiagoa hartu dute.

Gai honekin lotuta, DBHko 4. mailan artikulu interesgarria irakurri dugu: arte kolektibo batek zaborretara botatzen duguna berriro erabilgarria izan daitekeela frogatzeko asmoz arropa desfile arrakastatsua antolatu du. Ekimenaren helburua oso argia zen: Bilboko biztanleek birziklatzera botatako arropak hartu, garbitu, egokitu ( horretarako disenatzaile batzuen laguntza izan dute) eta berriro kaleratu dituzte.

Idea sinplea da, baina gure ikasleen artean eztabaida sortu nahi dugu. Prest egongo al zinateke bigarren eskuko arropa eramateko? Gelan denetarik entzun dugu… Orain hemen duzue zuen iritziak azaltzeko plaza. Animatu eta idatzi!

ILARGIA ESKURA. Gorka Pérez.

urria 8, 2010

2.048ko urtarrila zen, Patxi, Iker eta ni, ilargira joateko bidaia antolatzen ari ginen. Ikerrek zeukan ganbara batean pasatzen  genituen egunak, lan eta lan, espaziuntzia egiten. Gogoratzen dut egun horiek oso gogorrak izan zirela, ia-ia ez genuen jaten ezta lorik egiten ere. Zortzi aste eman genituen espaziuntzia egiten, baina azkenean sufrimendu askorekin amaitu genuen, eta gure plana, ilargia eskura izateko, oso hurbil genuen

Eguna ailegatu zen, arropa eta ekipamendua hartu eta, espaziuntzira abiatu ginen. Patxi gidaria zen, Iker eta ni laguntzaileak. Eserita geundela soinu ikaragarria entzun genuen, bai!, espaziuntzia bazihoan eta gure bidaia hasi egingo zen. Lehenengoz hodeiak pasatu genituen, gero zerua eta azkenean espazioan sartu ginen, ikusgarria zen, inoiz ikusi dudan gauzarik politena eta zoragarriena. Ondoren, jaten ari ginen bitartean:

 -Begira!- Esan zuen Patxik.

Azkar-azkar bira eman nuen, eta gure ametsa begien artean ikusi nuen, zoragarria izan zen, ez daukat hitzik deskribatzeko paisaia hura. Ondoren lurreratu egin ginen, gure ametsa beteta zegoen.

ILARGIAREN ESKUA. Natalia Sánchez.

urria 8, 2010

Bazen behin oso oso txikia zen ilargi bat. Egun batean gaueko 8etan,lanera joateko bidea hartu zuenean, lurrera begiratu eta oso mutil eder bat ikusi zuen Europaren ekialdean; mutil ederra zen bai, begi urdinak, ile beltza, argala…

Ilargia liluratuta gelditu zen mutil hori ikusita.Hain liluratuta zegoen, lanera joan behar zuela ere ahaztu baitzitzaion. Egun hartan ez zen ilargia mundu osoan zehar ikusi, baizik eta mutil ederraren herrian bakarrik.

Mutila etxeko balkoian zegoela, ilargira begiratu eta abesten hasi zitzaion. Ilargiak ezin zuen sinetsi ere egin; gero eta maiteminduago zegoen.

Hurrengo gauean berriro handik pasatu zen, baina ez zuen mutil eder hura ikusi. Ilargiak, oso goibel, lanerako bidean jarraitu zuen.

 Bi aste geroago Ilargiari berriro begiratzea otu zitzaion eta oraingoan bai, mutil eder hura ikusi zuen, baina oraingoan ez zegoen bakarrik, baizik eta lagun batekin futbolean jolasten.

Eguzkiak bere laguna izan nahi zuenez, esku bat luzatu eta pilota kendu zien txantxa bat egiteko asmoz. Mutilak, oso beldurtuta, korrika hasi ziren, eta errepidea begiratu gabe  pasatzen hasi ziren. Ordunan,  Ilargiak oso azkar zetorren kotxe beltz bat ikusi zuen. Korrika beraien atzetik joan zen, eta eskuarekin bi mutikoak alkandoratik hartu eta zerurantz altxatu zituen. Kotxea pasa ondoren, espaloian utzi eta beraiekin hitz egiten hasi zen gertatutakoaz. Mutikoak eskerrak eman eta etxera bueltatu ziren.

Handik aurrera oso lagun onak izan ziren eta urte bat geroago, mutiko eder hark ilargiari maite zuela esan zion.


%d bloggers like this: