Archive for the ‘SORKUNTZA TAILERRA’ category

Sorkuntza Tailerra: eta gero zer?

apirila 16, 2011

4.DBHkoen irudimenak bere fruituak eman ditu, eta hona hemen aste batzuk direla proposatu genien lanen emaitza. Batzurentzat haurtzarora egindako bidaia izan da, zalantzarik gabe. Besteengan narratzaile etorkizun oparoa nabaritzen da. Irakurri eta zuen iruzkinak idatzi!

SORKUNTZA TAILERRA: Eta gero zer?…

martxoa 17, 2011

Horixe dugu txikitan geure buruari sarritan egiten genion galdera ipuina entzun eta gero… Zer gertatu zitzaien Txanogorritxo eta amamari? Zoriontsua izan al zen errauskine printzearekin? Lagileagoak izan al ziren etxerik gabe geratu ziren bi txerrikumeak? Jarraitu al zuten lamiek artzainak engainatzen ala deportatu egin zituzten erreka bazterretatik? Utzi al zuen Marik Anbotoko kobazulo hotza adosatu eroso batean bizitzeko?…

Bada, sorkuntza tailerrean galdera horiek erantzuten saiatuko gara, 4. mailako ikasleek ipuin tradizionalen jarraipenak idatzi beharko baitituzte. Horretarako urrats jakin batzuk eman beharko dituzte:

  • Aukeratutako ipuina arretaz irakurri eta osagai guztiak ondo aztertu.
  • Pertsonaien nortasunari erreparatu.
  • Ipuina bukatu eta gero gerta litezkeen egoerak asmatu, eta egokiena aukeratu.
  • Bukaeraren giroa ondo erabaki.

Aurkeztutako idazlan guztiak zuen gozamenerako argitaratuko ditugu aurrerantzean Issuu baten bidez. Erne egon!

SORKUNTZA TAILERRA:Azukrezko Elurra. Ander Agote.

otsaila 4, 2011

Bazen behin, baina behin bakarrik, oso sukalde dibertigarri bat. Batzuetan koilaratxoek saskibaloian jolasten zuten bonboiekin eta partidua irabazten zuenak jaten zuen. Beste batzuetan sardexkatxoak arantza egitera joaten ziren harraskara beraien aita sardexkekin, oso ondo pasatzen zuten guztiek.

Egun batean, azukre paketea bere armairuko lekutik jausi zen baina irazgailua azpian jarri zen,  eta elur moduko bat sortu zen azukrea bere gainean erortzean. Sardexka eta koilara txikiak lurzorura joan ziren korrika azukre panpinak eta azukre bola guduak egitera. Baina bat-batean, dena mahai-tresnen gainean ilun jarri zen. Norbait zetorren. Oso tresna gaizto eta umore txarrekoa ailegatu zen: erratza. Tresna honen zeregina ez da inoren gustukoa baina egin beharra dago.

-Kendu nire paretik ume nazkagarriok!-esan zuen beraien aurrean    jartzean-. Ez duzue ikusten lan egin behar dudala.

-Ba… ni ez naiz hemendik kenduko, jolasten ari naiz eta.-erantzun      zion batek.

Koilaratxo eta sardexkatxo guztiek bere kontra jo zuten, baina oraindik norbait falta zen:  bakoitzaren aita-amak. Nork bere semea/alaba hartu eta kajoira eraman zuten. Eta esan zuen erratzak:

-Aita-amei kasu egin behar zaie bestela…

SORKUNTZA TAILERRA: Hodeia izan nahi zuen poltsa. Cristina Fernández

otsaila 3, 2011

Bazen behin, supermerkatuko poltsa bat hodeia izan nahi zuena mundu guztitik bidaiatzeko. Jendeak gauzak sartzen zizkion barruan, eta berak hegan egin nahi zuen, hodeiek bezala, baina hainbeste pisurekin ezin zuen.
Egun batean, dena aldatu zen; poltsa mahai gainean zegoen, hutsik. Bat-batean leihoa ireki zen haizearen indarragatik, haize korronte handi bat sartu eta poltsa hegan joan zen leihotik kanpo. Oso zoriontsua zen, aspaldian zuen ametsa bete egin zuelako. Hodeien lagun egin zen, eta beraiekin mundu osotik egin zuen hegan.
Baina bazegoen hodei bat oso maltzurra zena. Egun batean poltsaren gainean ura bota zuen, eta poltsa betetzearen ondorioz, lurrera jauzi zen.
Poltsa oso beldar zen lurrean bakarrik. Hodeiak oso triste jarri ziren, eta lainoari ezan zioten ez izateko beldur poltsari. Egunak pasa ziren poltsa berriz sikatu zenerako. Berriro hodeiengana itzuli zenean denak oso pozik jarri ziren, eta soka baten bitartez lotu zuten poltsa hodeietara berriz ez jausteko.

SORKUNTZA TAILERRA:Borragoma txikia. Natalia Sánchez

otsaila 2, 2011

Bazen behin oso txikia zen borragoma bat, Neir deitzen zena. Hain txikia zen, ez zutela ezta estutxetik ateratzen ere lotsa handia ematen zuelako.

Astelehen batean, Neir  estutxean egoteaz asperturik, handik ateratzea

erabaki zuen. Baina, nola lortuko zuen horrelako hain gauza zaila berak bakarrik? Bada, bera bezala beste estutxeetan zeuden adiskideei, email bat bidali zien, greba orokor bat prestatzeko asmoz.

Guztiek baietz esan zuten, Andrearen estutxean bizi zen borragomak izan ezik. Neirrek egoera hori ikusita, beste email bat bidali zion jakiteko ea zergatik bere erantzuna ezezkoa izan zen. Borragomak holan erantzun zion:

-Ez dut neure estutxetik irten nahi. Andrea oso neska atsegina da eta asko maite dut.

Hori entzundakoan, Neirrek  beste estutxeetakoei  egoera horren berri eman zien. Goma ororen erantzuna, negatiboa izan zen eta oso tuntuna zela esateari ekin zioten.

Neirrek  ez zuen hori pentsatzen, guztiz kontrakoa baizik, eta  borragoma txikiak arrazoia zuela ere onartu zuen. Hainbeste denbora estutxearen barruan pasa ondoren, hango adiskideak maitatzen zituen  zegoeneko.

Azkenean Neirrek eta Andrearen estutxeko borragomak ez zuten greban parte hartu eta bizirik iraun zuten. Zer gertatu zen  besteekin jakin nahi duzue?

Bada, estutxetik irteterakoan, lurrera erori eta hain txikiak zirenez, zapaldu egin, eta gero eta txikiagoak bihurtu ziren.

SORKUNTZA TAILERRA II: Objektuak arrotz bihurtuz

urtarrila 17, 2011

Gianni Rodariren esanetan, amak ume txikiari jaten ematen dion bitartean goilara hegazkin bihurtzen duenean, sormen artistikoaren giltzarrietako bat erabiltzen ari da. Goilara jada ez da tresna arrunt bat, hegazkina da eta istorio bat sortzeko bidea zabaltzen ari da.

Ildo honetatik doa gure Sorkuntza Tailerrerako hurrengo lan- proposamena: egunero erabiltzen ditugun ohiko objektuek bizitza hartuko dute eta hainbat istorio sortuko dituzte.

Agian hortzetako eskuila nazkatuta eta aspertuta egongo da komuneko bakardadean, horregatik bere jabearen poltsikora egingo du salto eta han mugikorrarekin bat egin ondoren abenturetan sartuko dira.

Baliteke boligrafoek greba egitea, eta beren lan-hitzarmena berriztatu bitartean mendizaleen motxiletan sartuko dira, eta  hango piolet eta mosketoiekin zortzi milakoak igoko dituzte…

4. mailakoak pantailaren aurrean ditugu objektuak arrotz bihurtuz ipuin ederrak idazteko. Zain gaude!

ILARGIA ESKURA. Gorka Pérez.

urria 8, 2010

2.048ko urtarrila zen, Patxi, Iker eta ni, ilargira joateko bidaia antolatzen ari ginen. Ikerrek zeukan ganbara batean pasatzen  genituen egunak, lan eta lan, espaziuntzia egiten. Gogoratzen dut egun horiek oso gogorrak izan zirela, ia-ia ez genuen jaten ezta lorik egiten ere. Zortzi aste eman genituen espaziuntzia egiten, baina azkenean sufrimendu askorekin amaitu genuen, eta gure plana, ilargia eskura izateko, oso hurbil genuen

Eguna ailegatu zen, arropa eta ekipamendua hartu eta, espaziuntzira abiatu ginen. Patxi gidaria zen, Iker eta ni laguntzaileak. Eserita geundela soinu ikaragarria entzun genuen, bai!, espaziuntzia bazihoan eta gure bidaia hasi egingo zen. Lehenengoz hodeiak pasatu genituen, gero zerua eta azkenean espazioan sartu ginen, ikusgarria zen, inoiz ikusi dudan gauzarik politena eta zoragarriena. Ondoren, jaten ari ginen bitartean:

 -Begira!- Esan zuen Patxik.

Azkar-azkar bira eman nuen, eta gure ametsa begien artean ikusi nuen, zoragarria izan zen, ez daukat hitzik deskribatzeko paisaia hura. Ondoren lurreratu egin ginen, gure ametsa beteta zegoen.


%d bloggers like this: