Archive for the ‘DBH1.MAILA’ category

KAIXO 6. MAILA!!!!!!!!

martxoa 31, 2017

1. mailan aurten ere planteatu dugun Arazo-Egoera 6. mailakoei harrera egiteko proiektua da. Link honetan proposamena ikusi eta deskargatu dezakezue
Arazo Egoera 1. maila ( ateak zabalik)

Proiektua matrikulazio kanpainaren inguruan egiteko diseinaturik dago. LH6. mailako ikasleak DBHra pasatuko dira, eta nahiz eta ikastetxe berean egon, espazioak, ordutegia, irakasleria eta ohiturak desberdinak dira. Batzuk DBHra pasatzeko irrikaz egongo dira, beste batzuk beldurrez, itxaropentsu… Eta nork ezagutzen ditu hobeto sentimendu hauek egoera berean pasa den urtean egon ziren ikasleek baino?
Egunotan mota guztietako ekitaldiak egongo dira matrikulazio kanpainaren inguruan: batzarrak, bisitaldiak, erakustaldiak eta abar. Bada 1. mailako ikasleak eragile bihurtuko ditugu 6. mailako ikasleen harrera egiteko institutua nolakoa den lagunarteko gutun baten bidez kontatuz.

Unitate didaktikoa egiteko erabili dugun materiala link honetan duzue eta librea da deskargatzeko.
ATEAK ZABALIK UNITATE DIDAKTIKOA

HONA HEMEN IKASLEEK EGINDAKO GUTUNAK

 

GU KAZETARI PROIEKTUA

otsaila 7, 2017

GU KAZETARI. ARAZO-EGOERA

otsaila 1, 2017
@Vegardig

Irudiaren jabegoa: @Vegardig

Aurtengo irailean kurtso hasierako ebazpena irakurri nuenean -lerro artean, aitortu behar dut- kontzeptu berri batekin egin nuen/genuen topo:  ARAZO-EGOERA. Egia esan, ohituta gaude urtero-urtero berrikuntza formalen batekin topo egiten, eta gero eta kexa gehiago entzuten da gure irakasle geletan bete behar ditugun paperak direla eta.

Baina zer demontre zen arazo-egoera hura? Kurtso hasierako anabasarekin,  ikasle berriak, irakasle berriak, liburu berriak, zerrendak, ordutegiak… etorri bezala lurrundu zen kontzeptu hori, ARAZO-EGOERA. Iraileko sargoriak eraman egin zuen…

Baina  urria heldu zen eta programazioei ekiteko eguna, ai ze nagia! Gainera,  goitik behera berrikusi behar genituen 2. eta 4. mailatan, HEZIBERRI bertan ezartzen zelako 16-17 ikastute honetan eta ARAZO-EGOERA berriro bihurtu zen hizpide jolasorduetako kafe orduan.

“Baina zer demontre da arazo-egoera hori??? ” Berriro. Ebazpenak zioena goitik behera irakurtzen genuen: Programazio didaktiko guztiek beren barruan eduki beharko dute, gutxienez, arazo egoera bat irakasmaila guztietan eta ikasgai bakoitzeko. Arazo egoera hori abiapuntu eta ikasketa eragile izango da, proposatuko den unitate didaktikoetariko  baterako programazio didaktikoaren edukien sekuentziazioa ezartzean. Arazo hitza zen  gehien nahasten ninduena… zer esan nahi du arazoak? ordenagailuak ez dabiltzala? wiifia hipermegamotel dabilela? Gure gelak txikiak direla eta ez dugula lekurik taldetan lan egiteko? Mikel neska lagunak utzi duela eta kontzentratu ezinik dabilela? Maria lodi dagoen kontuarekin tematurik dagoela eta ez duela ikasteko gogorik? Abdel kostata moldatzen dela euskaraz?

Bada, ez. Berritzeguneak emandako formazioaren arabera ARAZO-EGOERAK euskararen irakaskuntzan aspaldidanik ERRONKA moduan, EGOERA KOMUNIKATIBO ERREAL moduan egiten ditugunak dira… Hau da ezer berririk,ez. Horrek zer suposatzen du? Bada egiten ari ginena txukun erredaktatu eta biltzeari ekin behar geniola, besterik ez. Lan burokratikoa esango lukete batzuek, sistematiazioa eta praktika onak besteek…

Bueno, ba horra hor DBHko 1. mailan urtarrilean egindako ARAZO-EGOERA, laster barru emaitza ikusgai izango da. Nahi duenak, nahi duen moduan erabil dezake, librea da. Hori bai, iruzkintxo bat bota blog honetan, poztuko nintzateke… inork irakurtzen ez duen sentsazioa arintzen lagunduko lidake…

ARAZO-EGOERA IKUSTEKO SAKATUHEMEN

 

UNITATE DIDAKTIKOA IKUSTEKO SAKATU HEMEN

GURE OPORRAK

abendua 4, 2016
9770206886_2f4b90fcdd_z-2

Irudia:©Hilts UK. Creative Commons

 

Nahiz eta oporrak apur bat urruti ditugun, oraindik ere ez ditugu ahaztu, hain izan dira onak uda honetan bizitako momentuak… Horregatik hiruhileko honetan ahozko aurkezpenerako landu dugun gaia GURE OPORRAK izan da. Klasekideei oporrak non eta nola pasatu ditugun kontatu diegu eta gure lanekin aurkezpen hau egin dugu zuek ere ikusi ahal izateko. Behean google maps-en bidez opor lekuen kokapen zehatza topa dezakezue. Bidaia on…

 

GU KIROLARI!

urria 19, 2016

Uda honetan Olimpiadak ikusi ahal izan ditugu, zer nolako ahalegin eta esfortzua egin duten kirolariek! Guk ederto ikusi ditugu gure egongelako sofatik, batere izerdirik bota gabe, baina orain lan egiten hastea tokatzen zaigu. Proiektu honen bidez deskribapen eta azalpen testuen ezugarriez jabetuko gara eta Power point aurkezpen programa erabilita hainbat kirolen historia, materiala eta arauak azalduko ditugu. Hona hemen proposamen didaktikoa eta ikasleek egindako aurkezpenak:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

HIPI GELAN ERREZETAK

martxoa 5, 2015

1.Mailako hipi gelan errezeten unitateari ekin diogu. Haren bidez eduki asko landu ditugu: zenbakiak, kantitatea nola adierazi, agintera eta denbora antolatzaileak. Gainera jan- edanen hiztegiari eta sukaldeko trestenei birpasa ederra eman diegu. Unitate didaktikoaren azken egunean errezeta sinple bat eginez amaitu genuen, horrela guk geuk egindakoarekin ikasle eta irakasleak gonbidatu genituen. On egin!

TALDE ELKARRERAGILEAK

martxoa 4, 2015

Bigarren urtea da Eretzaberri IPIn talde elkarreragileak egiten duguna. Pasa den ikasturtean hasi ginen, eta aurten ere 1. eta 2. mailan egiten jarraitu dugu. Zenbait irakasleren ekimenez hasi ginen, era autodidakta batez, hasieran beldurrez eta zalantzatan, baina emaitzak erabat harrituta utzi (eta uzten) gintuenez, sistematizatzen saiatu gara.

Talde elkarreragileak, momentuz, aldez aurretik gelan jorratutakoa sendotzeko asmoz erabiltzen ditugu. Horregatik kontrol edo azterketa baten bezperatan egiten saiatzen gara. Gela lauzpabost taldetan banatzen dugu, talde heterogeneoak betiere, eta beste hainbeste jarduera planteatzen ditugu.

Jarduerak anitzak dira, hizkuntzaren dimentsio desberdinak lantzen dituztenak: ulermena, entzumena, mintzamena, gramatikaren inguruko hausnarketa…Teorian talde bakoitzean dinamizatzaile bat egon beharko luke, baina errekurtso hori ez dugunez, bi irakasleren artean moldatzen gara.

Jarduerok denboraz mugatzen ditugu, eta denbora agorturik hurrengo jarduerara pasatzen da talde osoa.

Esperientzia honetatik hainbat ondorio atera ditugu. Lehena eta garrantzizkoena da, zalantzarik gabe, ikasleek oso gustura hartzen dutela dinamika hau. Beste alde batetik saioari askoz ere atarramendu handiagoa ateratzen diogu, hots, oso saio eraginkorrak izan ohi dira. Gainera, maila eta ezugarri desberdinak dituzten ikasleak batera eta nahastuta jarririk ere, denek egiten dute lan, beren ezaugarrietatik abiatuta, eta denek ikasten dute zerbait. Hain gaude pozik saio hauekin, ezen guztietan txaloak ematen amaitzen dugun, itsasoz bestaldeko hegaldietan bezala… Hona hemen gure azken bidaian grabatutako bideoa:

 


%d bloggers like this: