Archive for the ‘DBH 4. MAILA’ category

EUSKARAREN EGUNA

abendua 3, 2015

Advertisements

SOLASALDI LITERARIOAK

Iraila 11, 2015

4. DBHn Solasaldi Literarioei hasiera emateko Iñaki Zabaletaren 110.Streeteko Geltokia aukeratu dugu.

110. STREETEKO GELTOKIASolasaldia urriaren 13an izango da. Horretarako ikasleek ondoko prozedura jarraituko dute:

  • Liburua irakurrita izan behar dugu.
  • Hasteko denon artean liburuaren argumentua berreraikiko dugu, berotzeko asmoz.
  • Jarraian, ikasle bakoitzak liburuan aldez aurretik markatu duen zatia irakurriko du, eta taldeari azalduko dio zergatik aukeratu duen, argudioak emanez. Bakoitzak eskubidea  eta askatasuna dauka nahi duena azpimarratzeko, eta kideek ez dute ezer kritikatu behar. Aukeraketa hainbat arrazoirengatik egin daiteke: arrazoi estetikoak, argumentuarenak, literarioak edo pertsonalagoak.
  • Norbaitek markatutako zatiari buruz zerbait gehitu nahi duenean egin dezake, baina asmoa ez da eztabaida sortzea, baizik eta elkarrizketa.
  • Txandak gorde behar ditugu eta entzuketa aktiboa izan.
  • Inork ez ditu bere iritziak edo interpretazioak inposatuko.
  • Elkarrizketan atzera eta aurrera egin daiteke argumentuan, ez dugu zertan linealak izan behar.
  • Gaitik sahiesten bagara, moderatzaileak (irakasleak) zuzenduko du.
  • Kide guztiek derrigorrez parte hartu behar dute.

Solasaldi literarioen bidez helburu hauek bete nahi ditugu Euskara Departamentuan

1.-Hizkuntza konpetentzia hobetzea, bai ahozkoa (mintzamena landuz), bai idatzizkoa( irakurketaren bidez ).
2.-Irakurtzeko grina eta ohitura sustatzea.
3.-Literaturaz eta irakurketaz gozatzen ikastea.
4.-Elkarri entzuten ikastea.
5.-Ikasle-irakasle arteko harremanak hobetzea eta indartzea.
6.-Solidaritatea eta pentsamendu kritikoa garatzea.
7.-Norbanakoaren estimua handitzea

 

 

EMAKUMEON MORRONTZA

martxoa 12, 2012

Pasa den astean, emakumearen egunaren inguruan zerbait egitearren, ilea estalita daramaten emakume musulmanei buruzko testua aztertu genuen gelan. Berehala ikusi zen ikasle gazte hauek inposaketa legez ulertzen zutela buruan horrelako zapi bat eramatea… baina testua harago zihoan, eta azken lerroetan beste inposaketa estetiko batzuei buruz hitz egiten zuen. Inposaketa horiek ekialdeko emakumeongan hain sustraiturik daudenez askotan ez dugu uste inposaketa direnik. Depilazioa, makillajea, takoiak, derrigorrezko argaltasuna aipatzen ziren, besteak beste, testuan…Isiltasuna nagusitu zen orduan gelan, eta gero “bai, baina…” xume batzuk… hausnarketarako tartea zabaldu genuen orduan…
Lan proposamen honekin 4. DBHko ikasleak iritzia ematen eta defendatzen trebatuko dira. Horretarako jarduera hau proposatzen diegu. Lehenik beheko bideoa ikusi egingo dugu ;ikusitakoa hausnartu ondoren gure iritzia iruzkin moduan sortu behar izango dugu.
Horretarako ez zaigu gaizki etorrikoIRITZI TESTUAREN egitura gogoratzea:

1.- Sarrera: Gaiaren nondik norakoa eta jorratu nahi den TESIAren aurkezpena.

2.- ARGUDIOAK: TESIA defendatzeko ematen ditugun ARGUDIOEN segida, antolatzaile egokiak erabilita.

3.- KONTRARGUDIOAK: Gure TESIA deuseztatzeko erabil litezkeen argudiak aurreikusi eta haien  kontra egin.

4.- ONDORIOA: Gure TESIA gogoraraztea

Iritzi testuak iruzkin moduan argitaratuko ditugu sarrera honetan.

SAN VALENTIN

otsaila 15, 2012

Nola ospatu San Valentin eguna betiko topikoetan erori gabe? Egia esan, ez da erraza. Pasa den ikasturtean oso lan polita egin zuten 2. mailako ikasleek Lenguako ikasgaian, eta bertan zenbait bikoteren istorioa ezagutzeko aukera izan genuen.

Eta aurten zen? Sarean ideia bila apur bat ibili ondoren ( aitor dezagun, dena dago asmatua!) ez nuen ezer berririk topatu. Dena tipikoegia begitantzen zitzaidan. Bloga bloga marinelaren hirugarren ikasturte honetan gero eta zailagoa egiten zait etengabe lan berriak, orginalak eta erakargarriak gelara eraman behar izatea, eta badirudi mundu honetan dabiltzan askok aipatzen zidaten ideia-krisialdia derrigorrean pasatu behar dudala…

Irudimena Agenda 21eko batzar batean piztu zitzaidan koordinatzaileak gure arloan igurumenari, iraunkortasunari edo ekologiari buruz egiten genuenaren berri emateko eskatu zigunean: orduan argi baino argiago ikusi nuen, DBHko 4.mailakoek amodiozko gutuna idatziko diote Lur Planetari!

Topikoa, bai, amodiozko gutun lehiaketez blai baikabiltza auzoan, herrian, nonahi, azken hilabetean; baina berritzailea era berean. Eta 4. mailakoek beti bezain ongi erantzun zuten: “BALE, NOIZKO?” San Valentin egunerako, jakina.

Hona hemen emaitza:

GIDA TURISTIKOA

azaroa 4, 2011

Ba bai, hemen gaude, gezurra dirudien arren. Iraila eta urria euri gutxirekin etorri dira, eta gure blogak ere lehor-lehor daude udazken honetan. Baina lasai, lehenengo euri tantak erori dira, eta saskia laster beteko dugu perretxikoz!

Urria zubien artean joan zaigu, askok deskantzatzeko aprobetxatu dugu; beste batzuek inguruko zein urrutiko parajeak ezagutzeko. Baina ohitura onak ahaztu behar ez ditugunez, hona hemen 4. mailako ikasleei urrian proposatu diegun proiektua:

ENKARTERRI ETA MEATZALDEKO GIDA TURISTIKOA:

Hasi baino lehen:

* Berrirakurri gelan landutako gida turistikoen adibideak.  
* Birpasatu deskribapen testuaren ezaugarriak.
* Aukeratu Enkarterri zein Meatzaldeko gune bat, eta bildu hari buruzko informazioa.

Egin bitartean:

* Zirriborroa idatzi, taldean baloratu, eta docs-en bidez irakasleari bidali.
* Testuak gutxienez 150 hitz  eta 2 argazki izan behar ditu.

Amaitzeko:

* Irakasleak proposatutako zuzenketak egin eta argitaratzeko prestatu.
 

Emaitza ikusgai duzue:

   

 

 

Sorkuntza Tailerra: eta gero zer?

apirila 16, 2011

4.DBHkoen irudimenak bere fruituak eman ditu, eta hona hemen aste batzuk direla proposatu genien lanen emaitza. Batzurentzat haurtzarora egindako bidaia izan da, zalantzarik gabe. Besteengan narratzaile etorkizun oparoa nabaritzen da. Irakurri eta zuen iruzkinak idatzi!

LIBURUAREN EGUNA

apirila 6, 2011

Irakurzaletasuna ikasleen artean piztea irakasleak duen erronkarik handienetakoa dela argi dago.  Hizkuntza Mintegian etengabe ari gara irakurgai berriak eta erakargarriak bilatzen, gure ikasleen artean irakurtzeko grina piztearren. Baina emaitzak oso gutxitan izaten dira pozgarriak.

Liburua irakurtzeko proposamena egiten diegu  ikasleei ebaluazio bakoitzean, “proposamena” baino gehiago, egia esan dezagun, eta ondoren burutzen dugun jarduaeraren ( azterketa, lana, liburu foruma…) azken galderaren erantzuna bera izaten da beti. “Gustatu al zaizu liburua? Zergatik?” galdetuta, askok eta askok “ez”, eta “irakurtzea ez zaidalako gustatzen” erantzuten dute. Eskuzabalenek “ez askorik” eta “aspergarria delako” diote. Gutxitxo batzuek “beno, tira” erantzuten dute. Eta batek edo bik “bai, asko”, eta izugarrizko azalpena emango dute, liburua zergatik gustatu zaien argitzen.

Badira errepikatzen diren bi ezaugarri azken ikasle horiengan: normalean neskak direla, eta ebaluazioz ebaluazio erantzuna beti bat bera izaten dela: “bai, asko”. Erantzunak, orokorrean, ez dira askorik aldatzen liburu batetik bestera. Hots, badira ikasleak ia edozer gustura irakurtzen dutenak ( ulertu “edozer” ere ez dela, orduak eta orduak ematen ditugu liburuak aukeratzen!), eta badira halaber, libururik arrakastatsuenari eta salduenari ere muzin egingo diotenak. Panorama, beraz, apur bat ezkorra da, beno,  baliteke ere ni apur bat ezkor egotea kurtso bukaera honetan, batek daki!

Edonola ere, GUEÑES BHIn Liburuaren Eguna ospatu nahi dugu datorren apirilaren 23an, eta nahiz eta oporretan egongo garen, 4. DBHkoek Daniel Pennacen Irakurlearen Eskubideak gogorazi nahi izan dizkigute.


%d bloggers like this: