Archive for the ‘AHOZKOA’ category

ARAZO-EGOERA: NIRE IZENA ………… DA ETA HARRO NAGO!

apirila 20, 2018

Gaur aurkeztuko dizuedan proiektua ez da berria. Orain dela laupabost urte ere burutu baikenuen. ( Bilatzailean NIRE IZENA… jarri eta aterako zaizue)

Garai hartan ez genuen “arazo-egoera” kontzeptua erabiltzen, baina gure errealitatean sarritan gertatzen zen arazo baten aurrean geunden: ikasleen arteko goitizen iraingarriak.

Goitizenen gaia ez da berria, seguru nago zuen ikasleen artean ere askotan gertatzen dela, eta ez dakit zergatik, baina urtero edo ia urtero errepikatzen da…Bada, garai hartan proiektu polita atera zitzaigunez, eta neurri batean behintzat, goitizen iraingarrien aferarekin amaitzea lortu genuenez, aurten ere, gelara eraman dugu arazoa sortu bezain laster.

Gaia planteatu dugunean, betiko egoera agertu da: batzuek hainbesterako ez zela esaten zuten, beste batzuek goitizenak txantxetan esaten direla zioten, beste batzuek disimuluan gustatu egiten zitzaiela… eta beste batzuk isil-isilik geratzen ziren…Baina egia aitortu behar badut, lanean serio eta gustura aritu direla esan behar dut.

Proposamen didaktikoan ikusi ahal izango duzuenez lana bi modutan aurkezteko diseinaturik dago. Alde batetik idatziz autobiografia zati baten eran; eta bestetik, ahoz, audio batean grabaturik edo taldearen aurrean irakurrita. Aurtengo ikasle guztiek taldean irakurtzea erabaki zuten, eta benetan momentu magikoa gertatu zela esan behar dut, oso bizipen intimoak kontatu dizkiogulako elkarri.

Hona hemen proposamen didaktikoa eta jarraian lanaren emaitza idatzia. Badakizue inolako arazorik gabe erabili, deskargatu, kopiatu eta gozatu ahal duzuela. On egin!

SAKATU HEMEN PROPOSAMEN DIDAKTIKOA IKUSTEKO .Arazo egoera goitizenak

 

 

 

Advertisements

GURE OPORRAK

abendua 4, 2016
9770206886_2f4b90fcdd_z-2

Irudia:©Hilts UK. Creative Commons

 

Nahiz eta oporrak apur bat urruti ditugun, oraindik ere ez ditugu ahaztu, hain izan dira onak uda honetan bizitako momentuak… Horregatik hiruhileko honetan ahozko aurkezpenerako landu dugun gaia GURE OPORRAK izan da. Klasekideei oporrak non eta nola pasatu ditugun kontatu diegu eta gure lanekin aurkezpen hau egin dugu zuek ere ikusi ahal izateko. Behean google maps-en bidez opor lekuen kokapen zehatza topa dezakezue. Bidaia on…

 

GURE AUDIO IPUINAK

martxoa 1, 2016

3. mailakoek idatzitako ipuinak irakurri ondoren, oraingoan audio ipuin moduan ere gozatu ditzakegu. Lan ederra benetan!

GURE GELAKO HEROIAK

abendua 3, 2015

Orain direla aste batzuk egunkari baten suplementoan irakasle bati egindako elkarrizketa irakurri nuen. Ez zen edozelako irakaslea, Europa mailan irakaslerik onenaren saria eman dioten maisua baizik. Eta sariok nola ematen diren oso ondo ez badakit ere, berak esandakoak oso zentzuzkoak iruditu zitzaizkidan, zentzuzkoak eta argigarriak.

Hark, esate baterako, esaten zuen, goizero bere eskola txikian klaseak hasten zituela ikasleek egindako ekintza onen bat komentatzen: Nork egin zuen atzo zerbait komentatzeko modukoa? galdetzen zien, eta egunero egoten zela ikasleren bat bere “ekintza ona” kontatzeko prest.  Inoiz ere ikaslea entzun ondoren aulki batera igo zedin eskatu ziola eta guztiek txalotu egiten zutela. Ikasle hori, zer esanik ez, pozik eta gustura sentitzen zen, eta gelan lankidetza eta eskeroneko giroa nagusitzen zen. Polita eta erraza, ezta?

Egia da batzuetan eskolak ez dituela “ongi egindakoak” behar beste azpimarratzen, sarritan gehiago zentratzen gara “okerretan”, “zuzendu beharrekoetan” “bai,baina…-etan”, eta maisu on horren filosofiari jarraituta, neuk ere nire gelako “heroien” istorioak entzun nahi izan ditut.

Proiektu hau ahoz gauzatu behar izan dute ikasleek: EGUN HARTAN NEURE BURUAZ HARRO SENTITU NINTZEN izenburupean, ikasle bakoitzak harro sentiarazi zuen pasadizoren bat kontatu behar zuen. Astebete zoragarria pasa dugu klasekideen anekdotak entzuten, eta zin dagizuet nik ezer esan gabe istorio guztiak txalo artean amaitu direla.

Ahozkoak ez ditugu grabatu, baina proiektu polit honen lekuko gisa, horra hor ahozkoari laguntzeko egindako idazlanen bilduma

Sin título

ANTZINAKO ESKOLA

maiatza 20, 2015

2. ebaluazioko ahozko lana Antzinako eskolari buruz egin dugu DBHko 2. mailan. Horretarako ikasleek adineko jendea elkarrizketatu dute eta gidoi bati jarraituta, beren garaiko eskolen berri eman digute. Aukera polita izan dute gure ikasleek beren aitona-amonengana hurbiltzeko, baita lehengo eskola eta gaurkoa, zorionez, zein desberdinak diren ikusteko ere. Ahozkoak ez ditugu grabatu, baina hemen duzue zenbait lanen idatzizko froga. On egin!

 

ELEBERRI MOTAK

apirila 26, 2015
Creative Commons

Irudia: Creative Commons

Bigarren ebaluazio honetan DBH 3. mailako ikasleek eleberri generoari ekin diote. Horretarako “Group Investigation” teknika kooperatiboa erabili dugu gelan.

Lehenik gaia zatitu egin dugu: eleberri mota desberdinak aztertuko ditugu, gero, talde orokorra azpitaldeetan banatzen da, talde horietariko bakoitza eleberri azpigenero batean “aditu” bihurtuko da. Talde bakoitzak egokitu zaion eleberri azpigeneroa aztertu beharko du, eta power point bat sortu, gela guztiarekin partekatzeko. Garrantzitsua da irakasleak informazioa nondik atera behar duten zehaztea, ikasleak gal ez daitezen; baita power pointa egiteko jarraitu behar duten txantiloia ematea ere, talde guztietan antzeko egitura jarraitzeko.

Taldeak egokitu zaion azpigeneroaren ahozko azalpena egingo du gelaren aurrean, eta aurkezpena blogean jarriko da etxetik ikasi ahal izateko.

Teknika hau oso eraginkorra da proiektu konplexuak eraikitzeko eta elkardependentzia positiboa indartzeko. Gainera, modu naturalean lantzen diren konpetentzia orokorrak hauexek dira: komunikazio eraginkorra, elkarrekintza, sintesirako gaitasuna, asertibitatea, entzute aktiboa, eta loturak egiteko gaitasuna.

BOOK TRAILERRAK HIPI GELAN

otsaila 26, 2015

Naia liburua irakurtzen amaitu ondoren, hain modan dauden book trailerrak egiteari ekin diote HIPI gelako ikasleek. Horra hor emaitzak:

 

 


%d bloggers like this: